2010/12/13

ABENDUAK 21EKO EGITARAUA

Gabonak laister datoztenez Abenduak 21erako egitaraua prest dugu. Hiruilabete honetan eskola guztia ipuinen munduan murgildu gara eta egindako guztia zuei denoi azaltzeko emanaldi bat edukiko dugu goizean.Ikasgela bakoitzak zerbait eskainiko du,guk bertso batzuk prestatu ditugu kantatzeko ,geletan egindako lanen erakusketa bat ere egongo da.Goiza ongi amaitzeko espero dugu gurasoek aurten ere txistorra prestatzea hamaiketako goxoa egin ahal izateko.

Arratsaldean berriz ,Olentzero etorriko da eta eskolako ikasle guztientzat opariak ekarriko ditu!!!
Hauek dira 5. eta 6. mailako ikasleak Bixenteren laguntzarekin asmatutako bertsoak:
Doinua:Itsasoari begira (Benito Lertxundi)

Irailetik abendura arte

ipuinak ziren aztergai

Txanogorritxo, Txanomoretxo,

Patxi errementari ere bai,

Behizain zientzialaria eta

Erlojua eginez bidai...

Boxeolari zen umea eta

Denboraren makina ai...

Azkenerako guztiok gara

ipuin bat asmatzeko gai.


Ipuinak sortu, tailerrak egin,

Pello Añorga etorri

pasiluetan eta sarreran

Basajaun ta Txanogorri

Bazen behin eta herri urrun baten

ipuin askoren jatorri...

Dakizkigunak zaharrak eta

asmatutakoak berri...

Orain beste bat dakargu eta

belarriak erne jarri.


Donostiar bat Oiartzuar bat

gitarra baten gerizan

Txoriak txori, Izarren hautsa

ozen abestuz zebiltzan

Altzoko handia bera ere jarri

zuten azkenean dantzan...

Hala bazan ta hala ez bazan

sar dadila kalabazan

pozik hartuko ditugu irteten

badira Altzoko plazan.


Xabier Lete, Mikel Laboa

beren doinu beren hitzez

oroimenean agertzen dira

guk hitzak abestu hutsez.

Gure mundua eta haiena

lotuz ipuinaren bidez,

Altzo gainean haizea lagun

beti presente daudenez

begi bistatik joan zaizkigu

baina gure ondotik ez.


Irakasleak ta gurasoak

igo ipuinen gurdira

irrifar batez ta ahots goxoz

hitzak hitzari segida

irakurketak ta kontaldiak

ipuin zaharren harira…

zuei ikasi ta eramanez

biharko belaunaldira

eskerrik asko denoi bihotzez

ikasbidea hori da.








No hay comentarios:

Publicar un comentario