2018/10/08

SAHARAKO BIDAIA


2018ko irailaren 22tik 29ra , EAThink proiektua eta Euskal Fondoaren eskutik,  Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara aste beteko antolatu duten bidaiara joateko aukera izan dut.  Bidai honen helburuak hauexek izan dira:
  • ·         Saharako Errefuxiatu Kanpamenduetako errealitatea ezagutzea, batez ere elikagai ekoizpenari eta hezkuntzari lotuta.
  • ·         Saharar herriko irakasle eta ikasleekin esperientziak trukatzea.
  • ·         Bertan, hezkuntza eta elikadurari loturik garatzen ari diren garapenerako lankidetzako proiektuak ezagutzea.
  • ·         Kultur aniztasuna lantzea, ikastetxean hori lantzeko erremintak garatuz, Saharar herri eta kultura ezagutzea eta haiekin trukea bultzatzea.
  • ·        Gaur egungo munduaren interdependentzia globalak lehen eskutik ezagutzea eta haien kontzientzia hartzea, gerora ikastetxeetan lantzeko erremintak garatuz.


Zazpi egun motz gera daitezke lau hamarkadako  muina ulertzeko baina era berean nahikoak izan dira hango bizimodu gogorrez jabetzeko. Sahararrek 42 urte daramatzate Tindufeko ( Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan  beraien herria berreskuratzeko borrokan;  Marokok Mendebaleko Sahara okupatu eta indarrez kanporatu zituen, makina bat herritarren giza eskubideak errotik urratuz. Aljeriako ipar-mendebaldean aurkitu zuten babesa eta emakumeak arduratu ziren deusetatik  herri berri bat eraikitzeaz. Gaur egun, kalkulatzen da, 150.000 lagunek esperoan jarraitzen dutela basamortuan hainbat politikarien erabakien zain.

Aipatu behar dut esperientzi pertsonal bezala izugarria izan dela.  Alde batetik oso gogorra han bizitutakoa,  baina bestetik,  aberatsa jasotakoa.  Aukera paregabea izan dugu bertako antolamendua  ezagutzeko ( hezkuntza, osasuna, ura, emakumeak, ingurumena, proiektu berriak, garraioa…). 

  Goizeko ordu txikitan iritsi ginen, eta ilargiaren argia inon baino biziagoa zen arren, ilunpetan nola edo hala lortu genuen etxea topatzea gure gidaria zen Tawueloren eskutik.  Hilabeteko otordu guztiak nekez osatu ditzakeen familia berak hozkailuko janaririk preziatuenak jarri dizkigu,  eguna joan eta eguna etorri.  Etxeko ateak irekitzea gutxi ez balitz, bihotzak zabaldu dizkigute eta urte guzti hauetan sortutako zaurien berri eman digute.

Familia sahararrak jada hiru belaunaldiz osatuta daude, eta iraganaren eta etorkizunaren arteko  lerroa amaiezina dirudi.  Amets bakarra herriaren autodeterminazioa da.  Aspaldi, Mendebaldeko Saharatik ihes egin zuen amonak deusezetik eraiki zuen bizitoki berean hezi behar  du mugikorraren eta teknologiaren menpe dagoen biloba; belaunaldi arteko talka parez pare . Hau guztia, behin behineko bizitokia izan behar litzatekeen muturreko lurraldean.

Haurren zoriona irribarrean txertatu zaigu eta tea zainetatik doakigu aste bete ondoren.  Duintasunez betetako herri baten parte sentitu gara basamortuaren erdian;  indarrak batu ditugu bizi duten egoera horren amaiera berandu baino lehen irits dadin eta guzti horren berri gure ikastetxeetan izan dezaten. Azken finean,  herritar guztion esku dago errealitate hori aldatzea.  Saharak ez luke bizirauteko laguntzarik beharko bere lurren jabe balitz.  Konponbidea ez da baliabideak bidaltzea,  berez dituztenak berreskuratzen laguntzea baizik.  Babes politiko hori bultzatzea da herritarren eta bere ordezkari politikoen eginkizuna.  Irakasle bezala ere hauxe izango da nire egin beharra bertan ikusitakoa zabaltzea eta ikasleekin hausnarketa bideratzea.
Josebe Rezola


1 comentario: